XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Estura mota hau gizabanako isolatu eta indargabea aurkitzen den egoeratik dator, eta berarengan garatzen den suntsikortasun-erresebaren beste iturria da.

Oinarrizko egoera beraren beste ondorio garrantzitsu bat biziaren zapuzketa deitu dudana da.

Gizabanako isolatu eta indargeak butxatuta ikusten du bere zentzu-, hunkipen- eta adimen-potentzialtasunen bidea.

Ez dauka burutzapen horren baldintza diren barne-segurtasunik eta berezkotasunik.

Barne-butxaketa hau handitu egiten da plazer eta zorionari jarritako tabu kulturalen eraginez, hala nola, Erreforma-garaitik erlijioaren eta erdiko klasearen ohituren bidez indarrean izan direnen eraginez.

Gaurregun kanpoko tabua ezabatu egin da birtualki, baina barne-oztopoek oso indartsu diraute, plazer zentzualak onespen kontzientea jaso arren.

Freudek aztertua du bizitzaren zapuzketaren eta suntsikortasunaren arteko erlazioari buruzko arazo hau, eta, haren teoria eztabaidatzean, geure iradokizun batzuk adierazteko aukera izango dugu.

Freud konturatu zen gutxietsi egin zituela bultzadura suntsikorren pisua eta garrantzia bere teoriaren lehen eraiketan, beronen arabera giza jokabidearen oinarrizko motibazioak sexu-bultzadura eta autokontserbazioa baitira.

Geroago jaugin suntsikorrak sexualak bezain inportanteak zirela sinetsirik, gizakiarengan oinarrizko bi jaugin zeudela onartzera jo zuen: bata bizira bideratua, libidoaren berdin samarra, eta heriotz instintu bat, bizia suntsitzea helburu duena.

Suposatu zuen baita ere azken hau sexu-energiarekin nahas daitekeela eta orduan norberaren niaren edo kanpoko objektuen aurka jo zezakeela.

Honi gehitu zion, heriotz instintua organismo orori datxekion karakteristika biologiko batean errotua dagoela, biziaren elementu beharrezko eta aldaezin izanik, beraz.

Heriotz instintuaren hipotesia egokitzat jo daiteke aurreko freudar teorietan ahantziriko bultzadura suntsikorren garrantzi guztia aintzat hartzen duenez.

Baina ez da egokia, suntsikortasun-gradua gizabanakoen artean eta gizarte-taldeen artean arras-ezberdina dela behar bezainbatean kontutan hartzen ez duen esplikazio biologiko batera jotzen duenez.

Freuden hipotesia zuzena balitz, bultzadura suntsikorren intentsitateak geure buruaren edo besteen aurka gutxi gorabehera konstante iraun beharko lukeela admititu beharko genuke.

Baina ikusten duguna aitzitikoa da.

Suntsikortasunaren garrantzia asko aldatzen da, (...).